XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sarrera gisa 1. Artikulu hau E.H.U.ko Emakumeari buruzko Ikerketarako Mintegia-Seminario de Estudios de la Mujer de la U.P.V. delakoak (jadanik desagertua) kaleratzen zuen Txostenak bilduma barruan argitaratu zen lehen aldiz, 1993. urtean. Testua egilearen doktorego-tesian oinarritzen da. Lan enpirikoa Bilbon burutu zen Actitudes y percepciones de las mujeres respecto a su salud reproductiva y sexual titulupean eta zuzendari gisa Teresa del Valle euskal antropologoa aritu zelarik (Esteban 1993a). Emakunderen eta EHUko Emakumeari buruzko Ikerketarako Mintegiaren dirulaguntzak jaso zituen.

Ze harreman dago ikustailea eta aztertuaren artean antropologoaren eta bere bilketa-lan ingurunearen artean?

Zergatik aukeratzen dira ikerketa-gai batzuk eta ez beste batzuk?

Zer dago aukera horien atzetik?

Galdera hauen erantzun-lanetan hainbat egile saiatu badira ere, nire prozesu pertsonalarekin dituen adostasunak direla medio (nahiz eta bide konkretuak nahikoa desberdinak izan) oso iradokigarria suertatu zait Comellesen artikulu bat: Ve no sé dónde, Trae no sé qué. Reflexiones sobre el Trabajo de Campo en Antropología de la Salud (1989).

Bertan, osasun-antropologo honek bere bilakaera profesionalaren berri ematen digu, mediku eta psikiatra gisa aritzetik antropologo izatera eraman duena.

Nik neuk ere, mediku izanik (Famili Plangintza alorreko medikua, zehazki esanda), arlo kliniko eta asistentzialari (momentuz behintzat) uko egin, eta osasun-antropologo izateko bidean kokatzen dut gaur egun nire burua, aldaketa hauetara zerk edo zergatik bultzatzen nauen oso ondo jakin gabe.

Dena den, zenbait elementuren eragina somatzen dut, emakumeen osasuna ulertzeko daukadan moduan eta ulertze-prozesu honetan izan dudan bilakaerarekin harreman estuan.

Osasun sistema ofizialak, arduradun eta teorikoren batzuk oso aurrerazaleak eta aldaketaren aldekoak baditu ere, oso bestelakoak ditu zutabe irmo eta aldaezinak.

Oinarri horiek eragin izugarria dakarte, bereziki, emakumeen kasuan.

Batetik, emakumeen irizpideak guztiz aldenduta gelditzen direlako, eta bigarrenik, sistema mediko-zientifikoak emakumeen zapalketa sozialean eragin apartekoa duelako.

Istilu honen aurrean eta sistema osoaren tinkotasun hori aldatzeko, emakumeen hitza kontuan hartuko luketen eredu zientifikoak eta metodologiak erabiltzea da daukagun bide bakarra (edo agian errazena), nire ustez;

eta eredu horiek, momentu honetan, Soziologian eta Antropologia Sozialaren barruan erabiltzen dira gehienbat.

Ahaztu gabe, prozesu osoa emankorra izan dadin, Antropologia eta Soziologia lanak eta ikertzaileak esparru medikoan ari direnekin bilguneak topatzeari behar-beharrezkoa irizten diodala.

Beste maila batean, nire esperientzia profesional nagusiena ugalketa eta sexualitatearen ingurukoa izan denez, alor horretan eta Famili Plangintzaren inguruan ere, ondorio eta datu oso garrantzitsuak atera daitezke nahiz eta sistema ofizialak, hemen ere, kasu gutxi egin emaitza horiei.

Hala ere, heldu da emakumeen ugalketa eta sexualitatearen garrantzia bere lekuan jartzeko garaia, ene iritziz (eta hau izango da txosten osoaren gai nagusienetariko bat), horretan zentratzeak emakumeen osasunaren beste aspektuak ondo isladatzeko eta beren garrantzia ikusteko zailtasun itzela baitakarkigu.

Beste abiapuntu eta behaleku batzuk asmatu beharko ditugulakoan nago, beraz (...)